You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Ezagutu gure komunitatearen parte izatearen abantaila guztiak.
Community
HASI SAIOA

Sartu Community-n haren abantaila guztiez gozatzeko.

EGIN BAT COMMUNITY-REKIN

Egin bat orain. Jarraitzaile egiten bazara, abantaila ugariz gozatuko duzu, doan, eta, Lagun edo Kide korporatibo egiten bazara, are onura gehiagoz.

EZAGUTU COMMUNITY

Artea eta kultura maite dituztenentzako eremu berria. Jarraitzaile, Lagun edo Kide korporatibo gisa parte har dezakezu.

EZAGUTU ABANTAILAK
Babeslea: Babesle: Seguros Bilbao
Babeslea: Babesle: Seguros Bilbao

Erakusketa

2018(e)ko ekainak 29 – 2018(e)ko azaroak 11

Guggenheim Bilbao Museoak Joana Vasconcelosen erakusketa antologikoa aurkezten du, artistari Espainian eskaintzen zaion lehena. Ezbairik gabe, nazioartean etorkizunik oparoena duen bere belaunaldiko sortzaile portugaldarra da (nahiz Parisen jaio zen, 1971n), eta 2005ean Veneziako Bienalean parte hartzearen edo 2010ean Versalles Jauregian egindako erakusketa handiaren harira egin zen ezaguna batez ere. Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz atzera begirako honek 1997tik gaur egun arte egindako 30 bat artelan hartzen ditu, eta Nico abeslari alemaniarrari omenaldia egiten dio bere izenburuarekin; izan ere, hark abestu zuen I’ll Be Your Mirror kantua The Velvet Underground talde newyorktarrarekin. Hautatutako lanen artean, artistaren ibilbideko obra ezagunenetako batzuk daude, hala nola Burka (2002) edo Andregaia (2001–05), sortu-berri diren eta erakusketa honetarako propio egindako beste batzuekin batera: Egeria (2018) izugarria, esaterako, Atrioan instalatuko dena. Gainera, Museoaren ingurumarietan bi eskultura erraldoi jarri dira: Pop oilarra (2016) eta Solitarioa (2018).

Vasconcelosen ekoizpenak erreferentzia egiten dio bai bere herrialdeko kultura herrikoiari —Barcelos-eko oilarra, Viana do Castelo-ko bihotza edo Bordalo Pinheiro-ren zeramikak bereganatzen ditu—, bai eta arte garaikidearen baitako eztabaida teoriko berrienei ere, artelanen interpretazioan ikuslearen parte-hartzea errazteko borondateari dagokionez bereziki. Material arrunt ugari erabiltzen ditu artistak, hala nola, etxetresna elektrikoak, azulejuak, ehunak, medikamentuak, pixalekuak, eltzeak edo plastikozko mahai-tresnak, eta elementu horiek daukaten edo jariatzen duten karga narratibo eta emozionala esplotatzen du. Bere eskulturek oparotasuna eta kromatismoa dituzte ezaugarri nagusi: mugimendua, argia eta soinua dute batzuetan, eta eskala handian eginak dira gehienak. Umore-sen erakargarriarekin eta dogmatismotik ihes egin nahian, artistaren lanak identitate-auziei ere heltzen die: kontu oso intimoetatik gai sozio-politiko unibertsaletaraino, nola diren emigrazioa edo emakumearen esplotazioa, gizarte poskolonial globalizatuei lotuak.

Egeria, 2018

Egeria, 2018
Eskuz egindako kotoizko kakorratz-lana, oihalak, edergarriak, LED argiak, puzgarriak, mikrokontrolagailuak, elikatze-iturriak eta altzairuzko kableak
3000 x 3630 x 4496 cm
Foto: Luís Vasconcelos/Cortesia Unidade Infinita Projectos
Artistaren bilduma
© Joana Vasconcelos, VEGAP, Bilbao, 2018

EGERIA, 2018

Egeria lan monumentala Guggenheim Bilbao Museoko Atriorako bereziki sortu da, eta Walkiriak multzo garrantzitsuko lan handienetako bat da, Eskandinaviako mitologiako emakumezko pertsonaiak inspirazio iturritzat hartuta Vasconcelosek sortu zuen sailekoa. Bertako lanen artean, Veneziako Palazzo Grassi jauregia, Versailles Jauregi ospetsua, ARoS Aarhus Kunstmuseum eta Tel Aviveko Arteko Museoa bezalako guneetarako egindako obrak daude. 

Sabaitik zintzilikatzeko sortu diren pieza ikoniko horiek ezohiko itxura organikoa dute bereizgarri. Walkiria delakoek nabarmen eboluzionatu dute lehenengo lana sortu zenetik, 2004. urtean. Egeria instalazio handiak Museoko Atrioa okupatuko du, Frank Gehry-ren arkitekturarekin elkarrekintzan, eta baita kanpoaldearekin ere, beirazko horma handien bidez. Forma erraboilkara iradokitzaileak eta beso luzangak gorputz nagusitik atera, eta eraikineko maila desberdinetara heltzen dira. Egeria lanak kolore aukera oparoa, askotariko ehundurak eta xehetasun aberatsak jarriko ditu erakusgai: industria ehundurak eta artisau teknikak modu bikainean uztartzearen emaitza; esaterako, txatalen lana, aleekin eta beira-aleekin egindako brodatua eta kakorratza. Lan ausart honek hamaika led bonbilla ere hartzen ditu barne, eta horiek guztiek argi joko zoragarria sortuko dute. Egeria lanak emakume zaindari adeitsu baten zereginak hartzen ditu beregain Museoaren bihotz bikainean, eta emakumearen espiritu sortzailea islatzen du. 

POP OILARRA (POP GALO), 2016

Pop oilarra arte publikoko lan monumentala da, eta Portugaleko kultura ikur garrantzitsuenetako bat du oinarri: Barceloseko oilarra. Bere balio estetikoaz eta indar sinbolikoaz jabetuta, artistak Barceloseko oilarra birsortu du begirada garaikidearekin, eta eskuz egindako Portugaleko lauzaren tradizioa led teknologia modernoarekin batu du.

Barceloseko oilarraren aberastasun estetikoa errespetatuz, Vasconcelosek sinbolo honetan lau aldaketa garrantzitsu burutu ditu: eskala monumentalera handitu du (10 metroko altuera); artistaren estudioan diseinatutako eta Viúva Lamego ehun urteko tailerrean fabrikatutako eta eskuz margotutako 17.000 lauzez estali du; eta argi eta soinu joko zoragarria sartu du, Jonas Runa musikariaren konposizio bat eta lanaren azalera koloretsuak estaltzen dituzten 15.000 led bonbilla inguru barne hartuta. Bonbilla horiek interpretazio desberdinak eskaintzen dituzte, pieza eraldatzen doan neurrian, egunaren orduak aurrera doazen heinean. Oilarrarekin lotutako sinbolo anitzen aberastasun bikainak, herrialde eta kultura desberdinetan, lan honi nazioarteko dimentsio berezi nabarmena ematen dio. 

ANDREGAIA (A NOIVA), 2001−2005

Andregaia argi-armiarma itzel gisa ikus daiteke urrutitik. Lits distiratsuen ur-jauzi zuria eskaintzen dio gure begiradari. Baina hartara gerturatzerakoan, konturatzen gara beirazkoak edo kristalezkoak ziruditen milaka lits horiek lana osatzen duten emakumezkoen tanpoi aratzen plastikozko bilgarri gardenaren isla besterik ez direla. Ironiaren eta anbiguetatearen jarduera korrosiboaren bidez, pieza honen izenburuak agerian uzten du emakumezkoen sexualitate hipokrita eta erreprimituaren ohiko inposaketa.

CALL CENTER, 2014–2016

Call Center Beretta pistola erraldoi baten itxurapean aurkezten zaigu, pilatutako 168 telefono beltzez osatuta, denak modelo berdinekoak. Hamarnaka telefonoz egindako Beretta pistola baten itxura hiperbolikoak komunikazio masiboak eragin dezaken indarkeriari erreparatzen dio zuzenean. Izenburuak, komunikazio-objektu horiei lotuta, call center ugarik berezkoak dituzten gehiegizko manipulazioa eta gizagabetzeari erreferentzia egiten dio, itxuraz. Arma batek ezin du alde batera utzi daukan indarkeria-karga, hura erabiltzeko arrazoia oso zintzoa izanda ere; era berean, eskala handiko komunikazioa, normalizatua, kontrolatua eta manipulatzeko helburua duena, beti izango da banakakoaren berezitasun anitzak mugatzen dituen jarduera bat. 

Artistak ezarritako erronkari erantzunez, Jonas Runa musikariak sinfonia elektroakustiko bat konposatu du telefono-soinu gisa. Soinu bakoitza zertxobait aldatu da, nota desberdinak sortzeko, eta horrek lana musika tresna bilakatzen du. Zintzilik dauden aurikularretako batzuek eta, batez ere, “pistolaren” barneko kanoian instalatutako bozgorailu indartsuak sinfonia elektroakustiko berezi eta bizi honetan integratutako baliabide elektroniko moduan funtzionatzen dute, gu inguru anitzetara eramateko.

Call Center lanak eguneroko bizitzako eta garai zehatz bateko objektuak biltzen ditu, horiek soinu-dimentsio batera konektatzen ditu eta, deslokalizazio jarduera burutsuen bidez, lan irekia, dimentsio anitzekoa eta denboragabea eskaintzen digu. 

LILIKOPTEROA, 2012

Lilicopteroa urre koloreko helikoptero bat da, milaka Swarovski beira-alez apaindua. Bere kabinaren kanpoaldea ostruka lumen geruza nabarmen eta koloretsuez estalita dago. Ahoarena egiten duen irekidura txiki batek, lumarik gabe, egurrezko barnealde bikaina uzten du agerian, urre koloreko edergarriekin eta Maria Antonietaren inizialekin letrekin bordatutako tapizeriarekin. Lan hau Antzinako Erregimenaren azken aldiko errege-erreginen estetikaz zipriztinduta dago: aberatsa, glamourrez betea eta ausarta da, eta animalia bilakatu den makinaren metamorfosia iradokitzen du, alegia, gizakiari hegan egiteko desioa sorrarazi zion jatorrira eta inspiraziora itzultzen gaitu.

BIHOTZ INDEPENDENTE GORRIA (CORAÇÃO INDEPENDENTE VERMELHO)

Bihotz independente gorria lanak “Vianako bihotz” erraldoia irudikatzen du, alegia, Portugaleko filigranaren pieza ikonikoa; bihotz hau, ordea, gorri koloreko plastikozko mahai-tresnaz soilik osaturik dago. Ardatz batetik zintzilikatuta, piezaren errotazio mugimenduek bizitzaren zikloak eta etengabeko itzulera gogora ekartzen dituzte, esanahi sakona duen hiru fadoren soinuaz lagunduta, XX. mendeko bigarren erdian Portugaleko musikaren izarra izandako Amália Rodrigues-en ahotsarekin: Estranha forma de vida [Bizimodu bitxia], Gaivota [Kaioa] eta Maldição [Madarikazioa]. Lanaren izenburua, hain zuzen ere,lehenengo fadoaren bertsoetako batetik hartua da, Alfredo Duartek (Marceneiro) eta Amália Rodriguesek konposatu zutelarik. Abestiaren letrak emozioaren eta arrazoiaren arteko gatazkaz hitz egiten du. Artelan hau urregintzako pieza eder batean inspiratuta dago; plastikozko mahai-tresnen erabilera bikoiztearen eraginez, jatorrizko itxura abstraktu bilakatzea lortzen du, jatorrizko erreferenteak eskema sozial eta artistiko berriek eraldatuta azaleratzeko, eta modu horretan, erakusgai jartzen du luxua eta hutsalkeriaren artean, herri kultura eta goi mailako kulturaren artean ezarritako mugen artifizialtasuna. Bihotz independente gorria soinu eta mugimenduko instalazio indartsu eta hunkigarri bezala aurkeztu da, eta maitasunari eskainia dago, alegia, fadoen letrek behin eta berriro errepikatzen duten gaietako bati.

Katalogoa

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean